Euskal Hedabideak, etapa berri batean

Euskal Hedabideak elkarteak bere norabide estrategiko berriak onartu ditu eta Bada gazte komunikabidea sarean sartzea baieztatu du

Ekainaren 19an, Itsasuko Sanoki gelan antolatu urteko mintegiaren kari, euskarazko hedabideetako 30 kazetari, administrari eta laguntzaile baino gehiago bildu dira etorkizuneko erronkak eta norabide estrategikoak aipatzeko, besteak beste.

Azken bost urteetako bilanak erakutsi du Euskal Hedabideen sareak (Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria, Ipar EH-ko Hitza eta Kazeta.eus) urrats garrantzitsuak egin dituela Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak azkartzeko eta euskal komunitatearen erreferentzia bilakatzeko bidean, nahiz eta helburu hori oraindik osoki lortua ez den. Hori dela eta, ondoko bost urteetarako anbizio bera atxikitzea erabaki da, euskararen normalizazioa eta euskarazko komunikazio eremu sendo baten eraikuntza ardatz nagusi gisa finkatuz.

Norabide berrien txosten honetan identifikatutako erronka nagusiek – hala nola euskararen erabileraren apaltzea, diru baliabideen murrizketa eta informazio kontsumo ohituren aldaketa - erantzun kolektibo eta ausarta eskatzen dute. Horretarako hedabideen arteko elkarlan editorialak sendotu nahi dira, kalitatezko ekoizpen bateratuak garatuz eta publiko berrietara, bereziki gazteengana, iristeko formatu berriak esperimentatuz.

Mutualizazioari dagokionez, baliabideak partekatzeko borondatea erakutsi da, bai formakuntzan, azpiegituretan edo tresna digitalen erabileran. Aldi berean, publizitate sailaren garapena eta diru-iturri berrien bilaketa ezinbestekoak direla baieztatu da, hedabideen iraunkoratsun ekonomikoa bermatzeko.

2026-2030 eperako adostutako norabide estrategiko horiekin bat eginez, Bada gazte komunikabidea Euskal Hedabideak kolektiboan sartzea onartu da, gazteengana iristeko duen gaitasunagatik eta komunikazio molde berritzaileengatik. Bada-ren integrazioak elkartearen dinamika aberastuko du eta etorkizuneko erronkei indar handiagoz erantzuteko aukera emanen du.

Horiek hola, Euskal Hedabideak elkarteak Ipar Euskal Herriko euskal komunitatearen erreferentziazko komunikazio eremua garatzen segituko du.

© Aimar Lopez

sarrera Gure berriak
ArtxiboAK