Gure baloreekin bat egiten duten tokiko iniziatibei sustengoa
16 otsailak, 2023 by
Gure baloreekin bat egiten duten tokiko iniziatibei sustengoa
Euskal Hedabideak
Euskal Hedabideak elkartea, Iparraldeko eta euskarazko hedabideak biltzen dituen egitura izanki (Euskal Irratiak, Kanaldude, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria, Kazeta.eus), hastapenetik eta naturalki inguratu gira, gure baloreak partekatzen dituen hainbat partaideekin. Izan ere, hedabideen sektorea, euskara, lurraldetasuna edota tokiko ekonomiaren garapenaren alde jarduten duden 6 egitura ezberdinekin bat egiten dugu eta egunerokoan haiekin lanean ari gira:


Euskararen Erakunde Publikoa:
EEP, 4 instituziok (Estatua, Akitania Berria eskualdea, Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa) osatutako Interes Publikoko Elkargo (IPE) bat da.
Euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea, definitzea eta obratzea da bere eginkizuna, ondoko ardatzetan oinarrituz:
• Euskararen transmisioa eta irakaskuntza;
• Hizkuntzaren erabilpena.
Hedabideak eta beraien garapen teknologikoek hizkuntza politikaren eremu estrategiko bat osatzen dutenez, Euskal Hedabideak elkartea sortu zenetik 2013an, EEPk beti sustengatu du gure elkartea, publizitate sailaren garapena lagunduz, proiektu ezberdinak diruztatuz, baita urte osoan zehar egiten duten segipen eta aholkularitza lanagatik ere bai.
Informazio gehiago: https://www.mintzaira.fr/


Bai Euskarari elkartea:
Elkartearen xedea da alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz.
Helburu horrekin beraz, Bai Euskarari ziurtagiria sortu zuen elkarteak (besteak beste), euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatzen eta pausoak ematen laguntzeko.
Euskarazko hedabideak biltzen dituen elkarte gisa, baita euskarazko komunikazio kanpainen hedatzaile gisa ere, zentzuzkoa iduritu zaigu beraz desmartxa horrekin bat egitea.
Hala dela, eta elkartearen teknikariak lagundurik, “Zerbitzua
Euskaraz” ziurtagiria lortu dugu, hau da ziurtagiriaren 2. maila: zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei zuzendua dena.
Informazio gehiago: https://www.baieuskarari.eus/fr


 Euskal Moneta: 
Euskoa, Ipar Euskal Herrian erabiltzen den tokiko moneta osagarria da. Bere helburu nagusia  ekonomia bertokiratzea da, tokiko aktore ezberdinen (partikular, profesional, instituzio eta elkarte) arteko trukaketak garatuz. Euskoak beraz, trantsizio ekologikoaren alde ere jarduten du ere, zirkuitu laburrak garatuz, garraioak murrizten baititu (besteak beste). Gainera, Euskararen aldeko urratsak ematen ditu ere. Hala dela, eta Euskoaren baloreekin bat egiten dugula eta, naturalki Euskoari kidetu ginen eta Euskotan egiten diren ordainketak onartzen ditugu beraz.
Informazio gehiago: https://www.euskalmoneta.org/


 Hekimen elkartea:
Hekimen herri ekimeneko eta Euskal Herri osoko euskarazko hedabideen elkarlana bideratzeko sortu zen, euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko helburuz.
Bazkideei dagokienez, euskarazko hedabide kasik guztiak elkarteko kide dira, hala nola 50 bat hedabide, eta horiek eskaintzen dituzten 130 komunikazio egitasmo baino gehiago.
Hekimenek hedabideen sektorea bere osotasunean lantzen duela, eta berezikiago Euskal Herri osoko eta Euskarazko hedabideen egitasmoak errealitate berrira egokitzeko eta beren eskaintza hartzaile gehiagorengana iris dadin ahalegin handia egiten ari dela, elkarte honen parte izaitea logikoa iduritu zaigu, batez ere saretze, elkarlan eta partekatze ikuspunduetatik.
Informazio gehiago: https://hekimen.eus/


Ipar Euskal Herriko garapen kontseilua:

Parte hartze bidezko demokraziarako tresna da IEHGK. Dituen gizarte zibileko 389 kideen ahotsa da eta lurraldearen garapenari eta antolaketari loturik diren gai handi guztiei buruz egiten ditu proposamenak.
Gizartearen behatoki eta ideien laborategi izan eta IEHGKa etengabe ari da lurralde proiektua elikatzen ikerketak eta esperimentazioak plazaratuz, lan ildo horiek Euskal Elkargoko politika publikoetan eragin bat ukan ditzaketelarik.
Duela zenbat urte egitura honen kide izateaz gain, Zuzendaritza Batzordean parte hartzen dugu ere, gure iduriko eta gure mailan (euskara, hedabideen sektorea, etabar.) lurralderako onuragarriak diren proposamenak eta oharrak eramanez.
Informazio gehiago: https://societecivile-paysbasque.com/


 Euskal Konfederazioa:
Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarte eta federazioen bilgunea da.
Iparraldean euskarak bizi duen egoeraren aurrean eraginkorragoak izan nahian, arlo desberdinetan bere alde ari diren elkarte zonbaitek egitura ez ofizial honetan koordinatzea erabaki zuten, herri-mugimendu gisa.
Beti ere, egunerokoan gure publikoa euskaraz informatzen dugula, euskararen normalizazio prozesu bat garatzen saiatzen gira. Zentzu honetan, garrantzitsua iruditu zaigu Konfederazioaren baitan euskararen alde ari diren beste aktoreekin bat egitea, elkarrekin azkarrago izateko eta euskalgintzaren sektorea indartzeko.
Informazio gehiago: http://deiadar.org/fr/
ArtxiboAK